Skip to content

ZERGATIK ETA ZERTARAKO MURAL BAT KALEAN?

OMEren azken txostenak dioenez, munduan gero eta gehiago dira dementzia duten pertsonak: gutxi gorabehera, 55 milioi (65 urte baino gehiago dituztenen artean, % 8,1 emakumezkoak eta % 5,4 gizonezkoak). Baina zifra horrek gora egingo duela uste dute, eta aurre ikusi dute 2030erako 78 milioi pertsonari eragingo diela 2030 urtean, 139 milioiri 2050ean.

Horretaz gain, argi adierazten du dementziak, besteak beste,  oroitzapenak, independentzia eta duintasuna gaixoei lapurtzen dien neurri berean lapurtzen dizkietela ezagutzen eta maitatzen dituztenei.

Era berean, txostenean argi nabarmentzen da oso beharrezkoa dela Estatuaren laguntza, bai dementzia jasaten duten gaixoentzat, bai laguntza hori ematen dutenentzat, esparru formal zein informalean. Halaber azpimarratzen du lehen mailako arreta berezia behar dutela, arreta espezializatua, zerbitzu komunitarioa, errehabilitazioa, epe luzerako zaintza eta zainketa aringarriak.

Horregatik guztiagatik ari da OME dementziari buruzko ikerketa proiektu bat burutzen: nazioarteko mekanismo bat, ikerketa garatzeko eta egitasmo berriak bultzatzeko.

Euskadin, gaixotasun hori pairatzen duten 40.000 pertsona baino gehiago dago; Gipuzkoan, 12.000 pasatxo. Eta 38.000 pertsonaren bat dira zaintzaileak. Tolosaldean, berriz, 700 familia inguru gaude egoera horretan.

Muralaren egilea: “Txitxi” Orbegozo, Argazkia: Iñigo Royo

Mural honek, arreta deitzeaz gain, gaixotasun larri honekiko sentsibilizazioa eta kontzientzia piztu nahi ditu gure herrialdean. Tolosako Udalaren eta inguruko udalerrien laguntzarekin, beste zenbaitetan bezala, dementziaren estigma gainditu nahi dugu, eta gizarte inklusiboagoa sortu gaixotasun  horren ondorioak jasaten ditugunontzat. “Ez gaude bakarrik” leloa dago muralean, eta horrekin adierazi nahi dugu gure helburu nagusia zein den: gaixotasun hori pairatzen duten familiei laguntzea, elkar lagunduz, gaixoen eta familien bizi kalitatea hobetzeko.

Zentzu horretan jakinarazi nahi ditugu gaixotasunari buruzko ezagutza eta eragiten dituen arazoak zeintzuk diren, eta horrela bultzatu Tolosaldeako biztanleen parte hartze aktiboa eta elkartasuna gaixotasun horren ondorioak pairatzen ditugunekiko. Horretarako, irailetik aurrera Buru Bihotzez elkarteak hitzaldi informatiboak antolatu nahi ditu.

Bestelako jarduerak ere burutzen ditugu, gure elkartasun konpromisoan oinarrituta:

  • Ekarrekiko Laguntza Taldea: 15ean biltzen da,
  • Arreta psikologiko pertsonalizatua eta aurrez aurrekoa daukagu, aurretiko hitzordu telefonikoa eskatuta.
  • Dementzia Bizitzen programaren bidez, gaixoentzako programak.
  • Gaixoen familientzako prestakuntza tailerrak…